Kirikiño

Bizitzaren zertzeladak

Ebaristo Bustinza

Ebaristo Bustintza Lasuen, Kirikiño goitizenaz ezagutua, 1866. urteko urriaren 26an jaio zan, Bizkaiko Mañarian. Hamabi urte eukazala, Almansara (Albacete) bialdu eben, amaren aldetiko osabarengana, batxilleratoa ikasteko helburuarekin. Osaba hori injenerua zan eta, Mediterraneorako trenbideko beharrak zirala-ta Almansan bizi zan; han etxea ezeze, lurrak eta mahastiak be erosi ebazan. Geroago, Ebaristok Madrilera jo eban goi mailako ikasketak egiteko. Unibersidadea eta lana tartekatuaz, azkenean zientzia fisiko-matematikoetako titulua bikain kalifikazinoagaz eskuratu eban, 1895ean.

Horren ostean, Kirikiño Sigüenza aldean, Colegio-Seminario dalakoan, ibili zan zientzia irakasle.

Euskal Herririk kanpo bizi arren, familiaren barruan euskeraz berba egiten zan, eta Kirikiñok euskeraren aldeko zaletasuna hartu eban. Halan bada, urte bi zabarrago zan Azkue katedradunari gutunak idazteari ekin eutsan —1896.  urtean, ikasketak bukatu eta biurengo urrean—. eta euskera sakontzeko orduan aholkua eskatu: "Esan eistazu, bada, ze liburu neugandu biar daudan, euskara ondo ikasteko daukatan guraria betetako'". Bi-bien arteko hartu-emon horren frutuaa lekeitiarrak sortutako Euskalzale aldizkarian Kirikiñok 1899an idatzi eban lehenengo artikulua izan zan (Zerutar bat, geroago, 1918an, Abarrak liburuan jaso zana); guztira zortzi artikulu argitaratu ebazan, urte horretan bertan aldizkaria itxi aurretik. Sasoi horretan, Sigüenzan irakasle zala, bere burua eskaini eban euskera­ren alde behar egiteko: “Sólo digo (pero de veras) que V. para empre­sas como la de Euskalzale, y V. mismo u otros para las de otra índo­le que tiendan a emancipar a nuestra raza de la injusta agresión en que se halla, me tienen y me tendrán siempre e incondicionalmente a su disposición".

Azkuek berehalakoan lotu eban  Kirikiño era, egunak joan egunak etorri, 190leko urtea hasita dagoenean (martia aldera), 34 urte eukazala. mañariarra Bilbora etorri zan bizitzera, urte asko eta asko euskal lurrak bisitatu barik egon ondoren; hiriburuan bertan bizi izan zan erretiroa hartu arte, hau da, ia-ia hil arte. Urte horretarako, 1901erako, Ibaizabal aldizkaria kaleratutea aurreikusita egoan, baina lehenengo zenbakia 1902ko ilbeltza arte atzeratu zan.

Azkuegaz lankidetza estu-estuan ibili zan. Kirikiñok, lehenengo Euskalzale aldizkarian eta gero Ibaizabal dalakoan (Azkuek agerkari horren zuzendari izentau eban) argitaratuteaz gainera, Azkueri hiztegian be lagundu eutsan. Eta Bizkaiko Aldundiko Euskerako Katedran, hain zuzen be Azkuek 1888rik eukan horretan, parte hartu eban; Kirikiño ordezkoa izan zan hasieran —1904an Azkue atzerrira joan zanean hiztegiko beharrak egiten— era, gero titularra, —apaiza Europatik bueltau zanean—, 1928an erretiroa hartu eban arte. Urte horreetan ehundaka bilbotar euki ebazan ikasle.

l909an, 49 urte ebazala, Kirikiño Basili Bustintza Ozerin lobeagaz ezkondu zan (Mañarian aita lez hargina zan anaia zaharraren alabea), baina ez eben familiarik ekarri. Basiliren ahiztea (Kirikiñoren loba eta koinatea, aldi berean) Errose, ezaguna da bai idazle modura, bai abertzale modura.

Kontua da Azkuek bere arrabea gura ebala mañariarraren emazte: "biotzean neukan sartuta anai izan bear genduala"; horrezaz gainera, jokaera filologikoak dirala bide, Kirikiño Azkuerengandik urrindu egin zan mañariarra Sabino Aranaren jarraitzaile kartsua zalako.

1913. urtean Euzkadi egunkari abertzalea fundatu zan eta Kirikiñok bete-betean hartu eban parte proiektu horretan, bizimodua ateratzeko ebazan bestelako bulegari beharrak alde batera itxita. Nazionalismoak egunkari bat sortu gura eban; izan be. 1899an El Correo Vasco-k egunkariak argia ikusi eban, baina arin desagertu zan, urtea amaitu orduko eta abertzaleek ordutik aurrera ez eben egunerokorik izan. 1913an egunkari modernoa egin gura zan, Euskal Herri osorako eta bitarteko askogaz. Kirikiñok hasieratik hartu eban parte: Sociedad Anónima Tipográfica General —egunkaria martxan ipinteko arduraduna— izenekoaren gerente izan zan eta egunkaria martxan egoala be Kirikiño erredaktore-burua izan zan aldi baterako. Azken baten, Kirikiño oso gizon garrantzitsua izan zan Euzkadi egunkaria sortu eta garatzeko.

Egunkaria sortukeran Bizkaitarra astekaria desagertu egin zan. Aldizkari horretan, Ebaristo Bustintzak hainbat eta hainbat artikulu argitaratuta zituan. jadanik Kirikiño goitizena erabiliaz. Baina Euzkadi egunkarian, Kirikiñok euskerazko atalaren ardura berezia hartu eban, soldata eta guzti; 15 urtean eginkizun horretan ibili zan eta milaka barri idatzi ebazan. Haren ostean, Nikolas Ormaetxea Orixe etorri zan, eta gero, Esteban Urkiaga Lauaxeta.

1928an, Kirikiñok, makal egoala, helduaroko eginkizun biak bertan behera itxi ebazan: Euzkadi egunkariko artikulugintzea eta Aldundiko Euskera Katedrako irakasle lanpostua. Bilbo itxi eta Mañarira etorri  zan bizitzen emazteagaz batera, baina handik hile gutxira, 1929ko ilbaltzaren 31n, azken hatsa emon eban, 62 urte ebazala.