Haurreskola

Mañariko Haurreskola 2008ko martxoan zabaldu zen. Haurreskola 0-3 adin bitarteko haurrei zuzendua dago. Bertan 20 plaza eskeintzen dira eta ordutegia 7:30etatik 17:00ak bitartekoa izan daiteke. 18:30ak arte ere ordutegia luza daiteke, baina hiru haurrek baino gehiagok egin beharko lukete eskaera hau. Haurreskolako ordutegia gurasoen eskaeraren araberako da. Haurreskola urtean 208 egunez zabalik dago (irailetik uztailera).

Haurreskolak nortasun bat finkatu eta izaera berezi bat bereganatu du Piklerren pedagogian oinarrituz. Umeen ekintzak errespetatzen ditugu. Haurra bera da protagonista. Ez dugu haurraren ekintza autonomoan esku-hartzen, bere mugimendu librea baimentzen dugu. Zainketa uneetan hezitzaileok jarrera erabat arretatsua dugu, haurrak zutik jarri daitezke, mugitu … eta komunikazio zuzena dago momentu horietan.

Garrantzitsuena ez da haurrek ze abiaduran ikasten dituzten gauzak, baizik eta nola ikasten dituzten.

Espazioari dagokionez, obrak egin ostean bi gela zirenak gela bakar batean batu dira. Aldaketa honek gure lanean onurak besterik ez ditu ekarri; baita haurren egunerokotasunean.

Materialei dagokienez ere aldaketa nabarmena egin dugu. Egunerokotasunean aurki daitezkeen materialak sartu ditugu plastikozko jostailuak alde batera utziz (giltzak, ruloak, egurrezko koilarak, metalezko flanerak, sokak, piñaburuak …) Material hauen bitartez, testura ezberdinak ezagutu eta beraien irudimena garatu dezakete. Material mota hau aldatzen joaten gara umeen interesen arabera. Materiala haurren eskura dago beti. Beraiek erabakitzen dute zer eta noiz erabili.

  • Haurreskolak bannerra

Beste zentro batzuk