Hontza Museoa Fundazioa

Bizkaiko Natur Zientzien Museo bakarra da eta erkidegoko bigarrena, Gasteizkoaren ondoren. Museoa, Enrike Huerta durangarrak, 24 urte borrokatu eta gero familiaren laguntzaz zabaldu du.

Museoa “Kirikiño” mañariar idazle famatua bizi eta hil zen Zumelaga eraikinean kokatua dago.

Museoak 36.000 pieza baino gehiagoko funtsa du, baina momentu honetan 451 daude ikusgai. Espezie ikusgarriak aurki ditzakegu, sarrerako harreran kokatuak dauden Japoniako karramarro erraldoia eta Artartikako Albatroz erretua esaterako. Laborategiko lan interesgarria ere egiten da museoan, pieza berriak jasotzen, ikertzen, lantzen, katalogatzen, etab...

Erakusketa bi gelak osatzen dute. Batean botanika, mineralak, fosilak, artropodo ez krustazeoak eta harrak daude eta bestean belakiak, ekinodermatuak, itsas eta ur gezako arrainak, mundu guztiko hegazti eta ugaztunak, narrastiak, krustazeoak, knidarioak eta oskoldunak.

Mañaria bertako piezak ere ikus ditzakegu, hala nola Azkondo koban aurkitutako “Kobetako hartza” eta “Mañariko Jaspea” adibidez.

Museoa lehenengo fasean aurkitzen da. Bigarren fasea egoera ekonomikoak ahalbidetzen digunean jarriko dugu martxan eta bertan tamaina handiko animaliak erakutsi ahal izango ditugu.

Museoa jende aurrean astean zehar arratsaldez eta asteburuetan goiz eta arratsaldez dago irekita. Astelehenetan itxita.

Ikastetxe eta elkarteek orokorrean hitzordua hartu behar dute. Informazio gehiago nahi izan ezkero: www.hontzamuseoa.eus  edo https://www.facebook.com/hontzamuseoa.dnzm