Marmola Mañarian

Marmola Mañarian

XVIII. mendean kalidade bikaineko marmola produzitzen eben hainbat harrobi eslotetan hasi ziran Mañarin. Harrobiok laster hartu famea eta toki askotatik eskatzen eben bertako marmola erikinak egiteko.

"...porque el jaspe de las canteras de Mañaria se compone todo el con variedad de vetas distintas por su naturaleza, de modo que unas son blancas, otras negras y paxizadas..."

Hasieran, harrobiak herriarenak izango ziran, kareharri-harrobiak lez eta mañariar guztiek erabili ahal izango zituen. Baina 1751n, Koroeak, Mañariko marmola kalidade bikainekoa zala entzun ebanez, Madrileko erregeren jauregirako marmolezko 22 zutabe lantzeko agindu eutsan elizateari. Enkargu hori, garrantzitsua hasiera baten, arazoa izan zan Mañarirentzat, ze Koroeak harrobiaren zati batzuk bahitu egin zituan eta onurarik atara barik euren kargu egiten behartu eban Mañari. Holan baieztetan deusku 1763ko dokumentu batek; Izurtzako harginei Aguilar kondearentzako bi zutabe ataraten ixteko eskatu eban Joseph de Araunak eta Mañarik holan erantzun eutsan: "donde no estaba abierta la cantera por tener embargadas el Rey nuestro señor las aviertas a cuenta de su magestad". Holan ba, harrobiko zati batzuk baino ezin zituen erabili.

Ordutik aurrera enkarguak gehitu egin ziran, batez be Koroearenak. 1753an, Athanasio de Capanaga  mañariarrak Gasteizera "hemeretzi harrinabar" (hamazazpi Mañaritik, bat Abadiñoko Gazarieta auzotik eta beste bat Otxandiotik) eroan behar zituan, gero handik " Balsain edo  Segobiako errege-etxera" eroateko "Erregina andre alargunaren jauregirako".1766ko auzi baten adierazo zan aurretik hamabost zutabe eroan zituela erregeren San Yldefonsoko jauregira eta urte horretan bertan Buenos Aireseko puntara hainbat harrinabar bialdu zituen.