Baserriak

 

Harri-hormaz antolatuta dago beheko solairua eta izkinetan, barriz, silarria aurkituko dogu, Etartea dauka baserri honek. Horma horrek eusten deutso goiko solairuetan egurrezkoa dan eta harri-hormaz beterik dagoen egiturari. Teilatua, zelan ez, isurialde bikoa da, eta jabaloietan eta teilatu-hegaletan landutako hortzen bidez eginiko apaindura daukie. Erdiko jabaloiak idulkiaren ganeko gurutzea erakusten deusku, erliebe baxuan, eta 1753 urteari ja-gokon data be badauka bertan grabaturik.

ARKUPE BAKANEKO EDO BIKOTXEKO BASERRIA XVIII ETA XIX. MENDEETAN

Era honetako Durangaldeko alerik bikainenetako batzuk Mañarian aurkituko ditugu. Eusteko elementu gisa, egurraren desagerpena eta harriaren behin-betiko erabilpena agerian lagaten dituan baserria da. Eboluzino hori, etarteko arkua landa-arkitekturan sartu izanari esker gertatu zan, XVIII. mendearen hasikeran. Horren bidez, alde batera itxi ahal izan eben inprenta edo karrera izeneko haga baserriaren egurrezko egitura guztia bere ganean eusteko eta etartearen definizinoa egiteko balio eban elementu gisa.

Arkuaren bidez askozaz sendoagoa izango da eraikina, fatxadaren pisu guztia atezangoen ganean lotzen dalako eta, holan, harriz bete daiteke fatxada guztia, eusteko egurra zertan erabilirik ez dagoela.

Mota honetako adibide diran baserriak ditugu, besteak beste, Uriarte, Ormetxe edo Etxaburu deretxenak. Danek daukiez arkuetako uztaiak diamante-puntak biltzen dituen kajeatuen bidez apaindurik.